Tortura: AIren inpunitateari buruzko txostena
AIk, aldian-aldian, Espainiar Estatuan tortura bizirauten duena azpimarratzen du. 2006. urteari dagokion bere urteroko txostenean, espainiar legeriak atxilotuentzat aurreikusitako bost egunetako inkomunikazioari aipu berezia eskaintzen dio, hamairu egun arte luza daitekeena.

Gorka Lupiañez torturatua
Goardia Zibilak Gorka Lupiañez durangarra atxilotu zuen joan den abenduaren 6an kontrol batean, gaztea oinez zihoala. Gero, La Salve-ko koartelera eraman zuten inkomunikazio erregimen pean. Lupiañez behin-behineko askatasun egoeran zegoen eta urtarrilean epaitua izatea aurrikusten zen, hainbat sabotaia ekintzatan parte hartu izana egozten baitzioten eta, zio hau berau dela eta, birritan atxilotua izan delarik jada; bietan tortura jasan izana salatu zuen.

Preso larriki gaixorik
Gotzone López de Luzuriaga
9 dira gaitz larri edota sendaezinak pairatu eta, objektiboki, kalean behar luketen euskal presoak, Kode Penalak 92. artikuluan jasotako baldintzak betetzeagatik.


ANALISIA:
Sei hilabete negoziazio-prozesuaren zapuzketa eta geron.
Julen Arzuaga, Behatokiko koordinatzailea
18/98 epaiketa:
Ehundaka urte iharduera merkantil, sozial, politiko eta kulturalengatik
Entzutegi Nazionalak ezagutzera eman du, azkenik, bere edukiaren zati handi bat prentsara filtratua izan eta gero, 18/98 Sumarioari dagokion epaia, 2007ko abenduaren 19an publiko eginez

Batasunako Mahai Nazionalaren espetxeratzea: eskubide politikoak??
2006ko irailaren 9an jai-giroan ospatu eta Ertzantzak bortizki erasotako manifestazio baten ostean (dozenaka zauritu egon zirelarik) Juan Mari Olano atxilotua izaten zen, dinamika berri bati hasiera emanez.

Garzón-ek Marije Fullaondo espetxeratzeko agindua ematen du
Marije Fullaondo, Herritarren Zerrendaren ilegalizazioagatik Estrasburgoko Auzitegiaren aurrean helegitea tarteratu duenetako bat izaki, abenduaren 18an izan zen atxilotua Baltasar Garzón Entzutegi Nazionaleko Epaileak zuzendutako operazio baten ostean.

Estrasburgok onartu egiten du Batasunak, bere ilegalizazioa dela-eta, tartaratutako helegitea
Abenduaren hasieran konfirmatu egin zen Europako Giza Eskubideen Auzitegiak Herri Batasunak eta Batasunak, Alderdi Politikoen Legearen aplikazioaren ondorioz ilegalizatuak izan eta gero, tarteratutako helegiteak aztertu egingo dituela, bai eta, zio berberarengatik, AuB, herri-plataformek eta HZ aurkeztutakoak ere. .
:: Tortura: AIren inpunitateari buruzko txostena
AIk, aldian-aldian, Espainiar Estatuan tortura bizirauten duena azpimarratzen du. 2006. urteari dagokion bere urteroko txostenean, espainiar legeriak atxilotuentzat aurreikusitako bost egunetako inkomunikazioari aipu berezia eskaintzen dio, hamairu egun arte luza daitekeena. Nazioarteko erakundeak gailentzen du, era berean, aipatu inkomunikazioaldian zehar “ustez ETArekin harremanetan egotearen akusazio pean atxilotuak izan diren pertsonek torturak pairatu izana salatu” dutela. Honen harira, Espainiar Estatuak Torturaren Aurkako Hitzarmenaren Hautazko Protokoloa berretsi badu ere, “Nazio Batuetako Relator Bereziak salatutako praktikak mantendu” zituela nabarmentzen du AIk, “praktika horiek tortura eta tratu txarrak egoteko arriskua handitzen ei dutelarik”.

AIk azpimarratzen du “sarritan” tortura eta tratu txarrak “zigorrik gabe geratzen” direla eta ez direla “sistematikoki eta independienteki” ikertuak izaten. Inpunitatea, izan ere, aurtengo azaroan argitaratutako txostenean behin eta berriro agertzen den berba da, “gatza zaurian”, eta, Espainiar Estatuari buruz arituz esklusiboki, kasu esanguratsuak jasotzen ditu, non agerian geratzen den ikerketa judizialaren urritasuna, diziplinazko neurri-eza eta torturatzaileen alde eman izandako Gobernu-indultua.

Kasu bi jasotzen ditu konkretuki, Behatokiak bereziki jarraitu izan dituenak: alde batetik, Joxe Arregirena, 1981eko otsailaren 13an torturaren ondorioz hil zena. 73 izan ziren inplikatutako poliziak, horien artean 5 hasieratik atxilotuak izan zirelarik baina, beraien nagusiek egindako presio handiaren ondorioz, plante eta guzti egin zutelarik, bi baino ez ziren epaituak izan eta, azkenik, zigortuak. AIk Gil Rubiales biotako bat mailaz igo zutela jasotzen du, baina bera eta beste lauak daude edota egon dira goi-karguetan. Zigortua izan zen beste polizia, Julián Marín, esaterako, Komisario Nagusi da eta Barne Ministeritzako agregatu lanetan dabil Quito-ko Enbaxadan, Ekuadorren. Hasieran auzipetutako beste hiru poliziak ere berehala goratuak izan ziren.

Beste alde batetik, AIren txostenak Kepa Urraren kasua jasotzen du. Oraingoan, kondenatutako bik indultua jaso zuten 1999an, Aznarrek Monkloan hartuak izan eta gero. Ordurako garrantzi estratejikozko lanpostuak betetzen ari ziren jada: Manuel Sánchez Corbí Kapitan mailara igoa izan zen torturengatiko prozesu erdian bertan eta, behin indultua jaso eta gero, Komandante izendatua izan zen berehala, terrorismoaren aurkako borrokan Frantziarekiko koordinazio lanen arduradun izanik; eta José María de las Cuevas Carretero, Goardia Zibilaren Zerbitzu Berezien Unitateko kide zen. Azken hau izan zen Europako Kontseiluko CPTko kideei, 2001ean Espainiara burututako bisitaldian, ongietorria eman ziena Polizia Judizialaren ordezkari bezala; Espainiako agintaritzak torturatzaile zigortu eta indultatu bat hautatu zuen torturaren aurka lanean diharduen erakunde ospetsu bati ongietorria eman ziezaion. Halako mespretxua agertu dute berriro ere NBEren Torturaren Aurkako Komiteak Kepa Urrari buruz emandako ebazpena bete ez dutenean, ageriko modu batean gainera, Estatu Espainiarra “torturatzaileei behar bezalako zigorrak ezartzen zaizkiela eta biktimak medeapen osoa jasotzen duela” bermatzera behartzen zuena; torturaren biktimari jasotako kalteak ordaintzeko egintzarik ez du martxan jarri Espainiar Estatuak.

hasierara joan


:: Gorka Lupiañez torturatua

Goardia Zibilak Gorka Lupiañez durangarra atxilotu zuen joan den abenduaren 6an kontrol batean, gaztea oinez zihoala. Gero, La Salve-ko koartelera eraman zuten inkomunikazio erregimen pean. Lupiañez behin-behineko askatasun egoeran zegoen eta urtarrilean epaitua izatea aurrikusten zen, hainbat sabotaia ekintzatan parte hartu izana egozten baitzioten eta, zio hau berau dela eta, birritan atxilotua izan delarik jada; bietan tortura jasan izana salatu zuen.

Inkomunikazioa bost egunez luzatu zen Goardia Zibilaren eskuetan, eta beste zazpi egunez espetxeratua izan ostean, 2003ko erreformaren aplikazioaren ondorioz, zeinaren arabera –nazioarteko gomendioek diotenaren aurka- inkomunikazioaldia luzatu egiten baita. Gazteak jasotako tratuari buruzko aitorpen ikaragarria egin zuen: kolpeak atxilotua izan eta berehala hasi ziren, “barrabiletan batez ere”, eta behin Madrilera eraman eta gero “poltsa egin zidaten egunean 50 aldiz baino gehiagotan”; kontatu zuen ere “milaka flexio” egitera behartu zutela, birritan “bainuontzia” egin ziotela eta makil batez bortxatu zutela; Goardia Zibiletako batek “barrabilak eta zakila soka batez lotu eta tiraka hasi zitzaidan. Eskuarekin ere tiratzen zuen. Halako batean zakiletik odola botatzen hasi nintzen”. Testigantza bere osotasunean dager www.behatokia.info orrian.

Beste kasu batzuetan halako indar baztertzailea izan duten ustezko prebentzio-neurriak erabat baliogabeak izan dira, haiek eskatzea hautazkoa, aleatorioa eta anekdotikoa delako, izan ere. Iraupen handiagokoa eta, horren bidez, eraginkorragoa izateko berriki erreformatua izan den inkomunikazio erregimenaren ahalmen guztiak ageri dira. Salaketa publikoak ere ez du ezertarako balio izan, iritzi publikoaren sortzaile eta “media” handiak diren alderdi politikoak isilik mantendu direlako. Torturaren aplikazio sistematikoa mantendu egiten da, eta bere biktimen testigantzak isilpean gordetzen dira.

hasierara joan

:: Preso larriki gaixorik: Gotzone López de Luzuriaga

9 dira gaitz larri edota sendaezinak pairatu eta, objektiboki, kalean behar luketen euskal presoak, Kode Penalak 92. artikuluan jasotako baldintzak betetzeagatik.

López de Luzuriagari, espetxe-zigorrean 18 urte bete dituena jada, “carcinoma ductal inflitrante de mama” edo bularreko minbizia diagnostikatu zioten 2007ko hasieran. 2007ko ekainaren 21ean ebakuntza egin zioten eta, horren ostean, arreta ematen dion Jaengo Ospitaleko Onkologia Zerbitzuak erradioterapia bidezko tratamendua agindu zion. Aipatu tratamendua aurrera eramateko zailtasunak egon ziren hasiera-hasieratik: baldintza gizagabeak trasladoetan, atzerapenak, programatutako hitzorduetara ez-agertzeak...

Guzti honi zera gaineratu beharko genioke: López de Luzuriaga bere sorterritik 700 km.-tara dagoen espetxe batean dagoela, bere konfidantzazko medikuen arreta jasotzea ia ezinezkoa bilakatzen duena. Jaengo espetxeko Zuzendaritzak berak bularreko minbizi diagnostikoa berresten duen espedientea zabaldu eta, osasun-arrazoiak medio, Gotzone kaleratzea proposatu zuen.

Hala eta guztiz ere, Entzutegi Nazionaleko Espetxe Zaintzako Epaitegiak, euskal presoaren egoeraren jakinaren gainean egoteko ardura izan eta bere balizko kaleratzea emateko eskuduntza duenak, auto bat eman zuen joan den azaroaren 16an. Epaitegiko titularra den José Luis Castro Epaileak gaitzaren larritasuna ametitu zuen baina presoa kaleratzea ukatu egin zuen, espetxean egoteak kalterik ekartzen ez diolakoan, medikuen beraien gomendioei muzin eginez. Espetxe Zaintzako Epaitegiaren eskuetan dauden bi diagnosiek, izan ere –Mati Iturralde presoaren konfidantzazko medikuarena bat eta Jango Espetxeko Medikuen Zuzendariordearena bestea-, Gotzone López de Luzuriaga aske utzi behar dutela jasotzen dute, ekainean diagnostikatu zioten bularreko minbiziaren aurkako behar bezalako tratamendua jaso ahal izateko.

Epaitegiak, bere erabakia oinarritzeko, zera esaten du: sujetoaren ‘delituak burutzeko zailtasuna eta bere arriskugarritasun-eskasia frogatzea’ ezinezkoa suertatzen dela. Berrerortzea (López de Luzuriagaren egoeran nekez gertatuko litzatekeena) aipatzeaz gain, Epaileak uste du “damutzerik agertu ez” duela, “ezta biktimei barkamena eskatzeko borondaterik ere”; argudio bi hauek 92. artikuluak ezartzen duen prozedurari erabat arrotz zaizkio, non zio medikuak baino ez diren aipatzen. Azken argudioan, bere egoera klinikoa aipatzen duen bakarra izaki, Epaileak “espetxean egoteak bere garapenarengan eragin latza duenik” antzematen ez dela dio.

hasierara joan

:: 18/98 epaiketa: Ehundaka urte iharduera merkantil, sozial, politiko eta kulturalengatik

Entzutegi Nazionalak ezagutzera eman du, azkenik, bere edukiaren zati handi bat prentsara filtratua izan eta gero, 18/98 Sumarioari dagokion epaia, 2007ko abenduaren 19an publiko eginez. Horrela, bada, merkatal-arloko hainbat entrepesa legez kanpoko deklaratu eta deseginak izan dira; Egin eta Egin Irratia komunikabideekin ere, berdin; Ekin erakunde politikoa, nazioarteko elkartasunean lanean ziharduen Xaki Europear erakundea eta euskal erakundeen sustapenerako lan egiten zuen Joxemi Zumalabe Fundazioa legez kanpo deklaratuak izan dira ere bai. Guzti honetaz gain, aipatu enpresa nahiz erakundeen 47 kideri 525 urtetako espetxe zigorra ezarri zaie ETA erakunde armatuko kide, buru edota laguntzaile izatea leporaturik.

Epaia, txosten polizialen lerroaldi osoak aurkezteaz gain, “apriorismoz”, prejuizioz, interpretazio korapilatsu eta partzialetaz josita dago, guztia Garzón Epaileak instrukzio aldian defendatutako “dena da ETA” tesia berresteko xedearekin, noski: “ez KASek, ez Ekinek, ez Xakik ez dute erakunde armaturik osatzen; ez daukate armarik, beraien zeregina ez da armekin ibiltzea (hori ETAren beso armatuaren lana da), baina aipatu erakundeok ETA erakunde terroristaren antolaketan erabat txertaturik daude”. Egin eta Egin Irratia argitaratzen zituen Orain enpresako auzipetuei ezarri zazkie, era berean, zigor larrienak; Auzitegia, bere erabakia oinarritzeko, egunkari bat argitaratu eta egunkari horrek pairatzen zuen itomen ekonomikoari aurre egitera bideratutako ekintzak, ETArekiko ustezko menpekotasun batekin lotzen saiatzen da; Ángela Murillo epaiaren ponenteak dio, gainera, halako salaketa egiteko frogaren beharrik ere ez duela, “irakurtzen jakitea aski da”.

Nazioarteko begiraleek jada iragarri bezala, epai honek “larrialdi edo apartekotasunari erantzuten dion kultura juridikoaren normaltzea ezartzen du, non erantzukizun penal lauso eta kolektiboak ezartzen diren, sistema demokratikoarekin erabat bateraezinak direnak”. Epaia, beraientzat, “orokorragoa eta iraupen luzekoa den estrategia baten barnean kokatzen da, euskal gizartearen zati garrantzitsu baten iritzi, bilera eta manifestazio-eskubideen egikaritza, besteak beste, kriminalizatzera bideratutako estrategia” hain zuzen ere.

hasierara joan

:: Batasunako Mahai Nazionalaren espetxeratzea: eskubide politikoak?

2006ko irailaren 9an jai-giroan ospatu eta Ertzantzak bortizki erasotako manifestazio baten ostean (dozenaka zauritu egon zirelarik) Juan Mari Olano atxilotua izaten zen, dinamika berri bati hasiera emanez. Egozten zitzaiona ez zen gertakarietan oinarritzen, ez eta manifestazioaren ustezko legaltasun-ezean ere: Baltasar Garzón Epaileak leporatzen diona “errepikapen deliktiboa” (gazteleraz “reiteración delictiva”) da, amnistiaren alde lan egiten duen Askatasuna erakundearen bozeramaile lanetan jarraitu izanagatik. Olanok lau urte eman zituen prebentziozko espetxeratzean erakunde honetako beste 13 lagunekin batera, gaur egun ez delarik, oraindik, bere iharduera politikoagatiko epaiketarik ospatu; iharduera politiko hori, Espainiar Estatuarentzat gogaikarria izanagatik ere, errepresio eta inpunitatea salatzera mugatzen da. Entzutegi Nazionaleko Baltasar Garzón Epaileak, kasu hauek ikertzen aditu paregabe denak, Askatasunaren iharduerak 2007ko otsailatik aurrera eteteko agindua ematea ahaztu egin zuen eta, hortaz, Epailearen arduragabekeria medio, egun halako debekurik ez dagoela ondoriozta daiteke.

Aste batzuk beranduago Oihana Agirre atxilotua izaten zen, Askatasunako kidea bera ere bai. Eta Joseba Alvarez, Batasunako nazioarteko alorreko arduraduna.

Gobernuarengandik gertu dauden egunkariek estrategia berri honi buruzkoak aipatuak zituzten jada. “El País” egunkariak, irailaren 9an, zera azpimarratzen zuen: “Gobernua ETAren erronkari ‘errukirik gabe’ erantzuten dabil, Jose Luis Rodriguez Zapatero Presidentearen esanetan. Erabaki hori jarraituz, ez du soilik ETAren arlo militarra erasoko, baizik baita bere kupula politikoa ere, elkarrizketa-prozesuetan parte hartu zuena, eta lagun dituen erakundeak ere bai, Gobernuko iturriek diotenez”. Hile bereko 30ean, berriz, “Público” egunkariak independentziaren alde lan egiten duten euskal erakundeen aurkako errepresio-dinamika honi men egiten zion, “Gobernuak, erakundeotako buru asko hauteskundeak baino lehen espetxeraturik egotea espero” zuela azpimarratuz.

Giroa nahasirik eta Exekutiboaren hitzei jarraiki, espainiar poliziak ezker abertzaleko hogeina buru atxilotzen zituen urriaren 4an, izugarrizko operazioa antzeztu eta Gipuzkoako Segura herria erabat setiatu ostean, bertan bilera ospatu behar zutela aprobetxatuz. Beste bi lagun beranduago atxilotuko zituzten, inkomunikazio erregimenaren pean guztiak; ez zuten tratu txarrik salatu.

Zeregin juridikoa Entzutegi Nazionaleko Baltasar Garzón Epaileari egokitu zitzaion berriro ere. Bere zioak biltzen zituen justifikazioa urriaren 7an kaleratutako autoan jasotakoak ziren: “ETAk zuzendutako sare terroristak ‘ezker abertzalea’ deritzonaren gain eragiten du modu fagozitatzaile eta irenslean”, Batasunak “duda izpirik gabe, gune hori tresna bihurtu eta berataz baliatu nahi duelarik bertan kokatzeko”. Eta Epailearen argudioaren ondorioa –hitzez hitz- zera zen: “Batasunaren joera hedakor hau, ETAk sustatutakoa, ageri-agerikoa da eta beste erakunde batzuen gaineko eragina izan dezake, hauek aldi baterako kolonizatuz, bigarren hauen kontra ere ekin ahal izango delarik nahikoa zantzu dagoen bezain laster, ez lehenago”. Labur bilduz: ezker abertzale guztia da, potentzialki, ETA, eta etorkizunean bere aurka ekingo diote.

Garzón-ekin bat eginez, Rubalcaba Barne Ministroak zera baieztatu zuen: “Batasuna, bere burua bir-antolatzen dabil ETAri sostengua emateko, besterik gabe, eta Estatuak ez du halakorik onartuko”, iragarri zuen.

Arestian aipatutako operazio hau, Batasunako kideen iharduera politikoan soilik oinarritutakoa, “mendeku operazio” gisa aipatu zuten nazioarteko komunikabideek. Bortxatuak izan diren printzipio prozesalak, polizia operazio hauen legaltasun ala legegabezia alde batera utzirik, erabilitako ustezko “Zuzenbide oinarriak” aintzat hartu gabe, ideen zanpatze eta suntsitze politika bat da, finean, geratzen den bakarra. Eta testuinguru politiko jakinei aurre egiteko polizia eta sistema judiziala irtenbide gisa erabiltzen jarraitzen duten arren, jokamolde errepresibo hau ez zaie arrotz nazioarteko begiraleei eta giza-baliabideen arloko mekanismo eta tresnei.

hasierara joan

:: Garzón-ek Marije Fullaondo espetxeratzeko agindua ematen du

Marije Fullaondo, Herritarren Zerrendaren ilegalizazioagatik Estrasburgoko Auzitegiaren aurrean helegitea tarteratu duenetako bat izaki, abenduaren 18an izan zen atxilotua Baltasar Garzón Entzutegi Nazionaleko Epaileak zuzendutako operazio baten ostean. Fullaondoren abokatuak Entzutegi Nazionalarekin harremanetan jarri zenean ez zioten inolako informaziorik eman, auziaren izapideak sekretu pekoak zirela esanez. Hiru egunez inkomunikaturik atxilotuta egon eta gero, Marije Fullaondori “erakunde terroristaren partaide izan eta delituen errepikapena” leporatu eta espetxeratu egin zuten. Epaileak, bere autoan, Fullaondo EAE-ANV eta EHAK alderdi politikoekin lotzen du, egun legezkoak izateaz gain, hainbat euskal udalerritan (lehenengoak) eta Eusko Legebiltzarrean (bigarrenak) ordezkariak dituztenak. Magistratuak alderdion “azterketa sakonago” bat burutuko duela dio.

Fullaondok, atxilotua izan baino ordu pare bat lehenago, elkarrizketatua izan zen eta zera esan zuen: “azken egunotako argazkiak Euskal Herria eta Espainiako Estatuaren arteko gatazkaren areagotzea erakusten digu, eta testuinguru politiko horren baitan kokatzen dira Estatuaren ekintza errepresiboak, eta ETArenak ere bai”. Atxiloketa, agindu judizialak dionaren arabera, joan den urriaren 4ean Poliziak Seguran hasitako operazioaren nolabaiteko jarraipena litzateke, Batasunaren zuzendaritzako hainbat kideren atxiloketa ekarri zuena.

hasierara joan


:: Estrasburgok onartu egiten du Batasunak, bere ilegalizazioa dela-eta, tartaratutako helegitea

Abenduaren hasieran konfirmatu egin zen Europako Giza Eskubideen Auzitegiak Herri Batasunak eta Batasunak, Alderdi Politikoen Legearen aplikazioaren ondorioz ilegalizatuak izan eta gero, tarteratutako helegiteak aztertu egingo dituela, bai eta, zio berberarengatik, Autodeterminaziorako Bilguneak (AuB), herri-plataformek eta Herritarren Zerrendak (HZ) aurkeztutakoak ere. Helegiteok alderdi independentisten defentsako abokatuak tarteratu zituen Estrasburgoko Auzitegiaren aurrean, Espainiako sistema juridikoko bide judiziala agortu eta gero, Erromako Ituneko 10. (adierazpen askatasuna) eta 11. (biltzeko eta elkarteak sortzeko askatasuna) artikuluak bortxatuak izan diren komentzimenduarekin.

Espainiar Estatuko defentsak, ilegalizazioa helegileak “giza-eskubideen, demokraziaren eta aniztasunare aurkako mehatxua” direlako eman izan dela esan ei du. Horretarako, Baltasar Garzón Epaileak jorratutako tesiari heldu zion, “dena da ETA” dioen tesi hori, “Herri Batasuna eta Batasunaren sorrera ETAk bere iharduera-ardatzak zabaltzeko estrategiaren barne kokatu behar” dela dioena, hain zuzen ere.

Kontrajarririk agertzen zaizkigun bi jarrera hauen aurrean, maila goreneko Giza Eskubideen babeserako maila goreneko Auzitegiak zera ezartzen du: “alderdien argudioak azterturik, salaketok arazo larriak agertzen dituzte, orain ebatsi ezin daitezkeenak baina azterketa sakona eskatzen dutenak”.

Lehen erresoluzio honen baloraketari dagokionez, defentsak halako “poztasun zuhurra” duen artean, Estatuak ez du inolako arazorik ikusten, bere burua “zioz beteta” ikusten baitu. Edozein kasutan ere, estatistikei begirada bat bota ezkero, Estrasburgoko Gorteak tartaratutako helegiteen %1,5a bakarrik onartzen duela ikusi ahal izango dugu, horietatik %80ri arrazoia emanez.

Orain atal berriari ekingo diote; alderdiek, egoki iriztekotan, alegazio berriak aurkezteko unea da. Prozesua luzatu egingo da, baina ezin ahaz dezakegu Euskal Herrian oinarri-oinarrizko giza-eskubideak berresartzeko xedea duen prozesua dela hauxe.

hasierara joan

:: ANALISIA:
Seis meses tras el fracaso del proceso de negociación.
Julen Arzuaga, Coordinador de Behatokia

Uda baino lehen euskal gatazkaren etorkizunari buruzko negoziazio prozesua amaitutzat eman zen betiko. Eztabaida politikoaren metodologiak mahai bi aurreikusten zituen: lehenengoa ETA erakundea eta Espainiako Gobernuak osatutakoa, gatazka armatuari buruzkoak aztertzeko; bigarrena Batasuna, EAJ eta PSEk osaturik, euskal gatazkaren arlo politikoa desblokeatzeko xedearekin, ardatzak Pirinioen hegoaldeko euskal lurraldetasunaren eta bertakoek beraien etorkizuna erabakitzeko duten eskubidearen aitortzan kokatuz, egitasmo politiko guztientzako berdintasunarekin batera.

Horrela, bada, negoziaketen haustea alor politikoko arazoengatik eman dela agerikoa dirudien arren (edukinen gaineko ezadostasunak, alegia), jokaerek garrantzi izugarria izan dute. Estatuak publiko egin zuen egiaztapen-prozesu baten emaitza, non ETAk bere biolentzia-adierazpenak alboratu zituela jasotzen baitzen. Estatu horrek berak, aldiz, ez du, elkarrizketa politikoek iraun duten tarte luzean zehar, bere makineria errepresiboa baztertu, eta makineria erraldoi horrek talka egiten du Estatuak berak sinatutako nazioarteko hainbat eta hainbat itun eta hitzarmenatan jasotako oinarrizko giza-eskubide eta oinarrizko askatasun-estandarrekin: alderdi politikoen ilegalizazioa bere hortan mantendu da; gizartearen sektore esanguratsu bati hauteskundeetara aurkeztu nahiz bozkatzeko eskubidea ukatu egin zaio; euskal erakunde politiko eta sozialen iharduera eten egin da, eta bere kideen aurkako epaiketak mantendu; militarren presentzia –Ejerzitoa eta Goardia Zibila- euskal kale eta errepideetan etengabea izan da, Euskal Herria delarik, egun, mendebaldeko Europako lurralde militarizatuena; euskal preso politikoen kolektiboaren aurkako presioa haziz joan da, neurri zaharrak berreskuratuz –Espainiako eta Frantziako Estatuetako lurraldeetan zehar kokaturiko espetxeetan sakabanatuz, espetxe-zigorrak osorik betetzeko beharra ezarriz, 40 urte arte luza daitezkeenak, gaixorik dauden presoak libre uztea ukatuz...- eta berriak asmatuz –“Parot doktrina” bezala ezagutzen duguna asmatuz, zigorra bete ostean aske geratzea ukatzen duena, edota salaketa berriak fabrikatuz, Iñaki de Juanaren kasuan bezala-; PP alderdiak finkatutako egitura antiterrorista ez da batere aldatu, inkomunikazio peko atxiloketa eta Entzutegi Nazionalaren eskuduntzak adierazle bezala dituena... Finean, eta PSOE alderdiak berak aitortzen zuen bezala, Estatua ez da inoiz tregoan egon eta, gaur egun ekaitzaren erdian kokaturik dauden euskal erakundeek salatu bezala, nazioarteko erakunde eta begiraleen oniritziarekin, Espainiar Estatuak ez zituen gutxieneko baldintzak onartu nahi izan, gutxieneko oinarri demokratiko batzuk, mota guztietako biolentziak gainditu eta euskal gatazkaren behin-betiko konponketa politikoa lortu ahal izateko.

Eta horrela, uda eta gero, aurretiaz iragar zitekeen dinamika areagotu egin da, iharduera errepresibo itzelari ekin diote, buletin honetan horren adierazpide batzuk jasotzen ditugularik. “Estatua prest dago borrokaldi honetarako” dio Gudariak, lehen Zapatero zenak, eta bere ohiko gazteluetara itzultzen da, bere arma zaharrak erakutsiz: arma politikoak –Espainiako Konstituzioa, espainiar legeriaren alkandora hertsagarria- eta arma errepresiboak –Garzón Entzutegi Nazionaletik, inkomunikazio peko erregimena, espetxe-sistema...-. Zein den indartsua erakutsiz.

Ez dirudi kritikoak, disidenteak, oposiziokoak diren mugimenduentzako une egokiak direnik, sistema itxi bati aurre egiten diotenentzat, ahozko argudioak baino, errepresio bideak –ohikoak eta apartekoak- maiteago dituen sistema horren aurka daudenentzat. Errepresioaren aurrean erantzun-estrategia marraztea da, hain zuzen, Euskal Herrian diharduten giza-mugimenduen behar garrantzitsuenetako bat, baita Espainiako Estatuan eta ia Europa guztian ere.

hasierara joan