Igor Portu eta Mattin Sarasola, torturatuak
Joan den urtarrilaren 6an Goardia Zibilak Igor Portu eta Mattin Sarasola Lesakarrak atxilotu zituen, ETA erakunde armatuko kideak izatearen akusazio pean.

Endika Iztueta euskal deportatua Cabo Verden hil da
Endika Iztueta Barandika euskal deportatua Cabo Verdeko Praia hirian hil zen urtarrilaren 24an. Berarekin, hiru dira jada Cabo Verden zendutako euskal deportatuak –Juanra Aranburu 1989an eta Angel Lete 2002an-.

Amnistiaren Aldeko Batzordeen eta Askatasunaren aurkako epaiketarako data, zehazturik
Entzutegi Nazionaleko Penal Aretoko Laugarren Atalak auto bat eman zuen, zeinaren arabera amnistiaren alde eta errepresioaren aurka lanean diharduten Amnistiaren Aldeko Batzorde eta Askatasuna erakundeen aurkako epaiketa apirilaren 21ean hasiko baita. 27 euskal herritar daude bertan auzipeturik eta fiskalak 10 urteko espetxe-zigorra eskatzen du bakoitzarentzat.

Europako Kontseilua Nazio Batuen eta Europar Batasunaren “zerrenda beltzen” aurka azaltzen da
2001. urtetik aurrera “nazioarteko terrorismoari” loturiko gizaki eta erakundeen zerrendak eratu zituzten Nazio Batuen eta Europar Batasunaren baitan, bertan hogeita hamar euskal herritar eta Batasuna, Haika-Segi, Amnistiaren Aldeko Batzordeak-Askatasuna, Xaki eta Ekin azaltzen zirelarik, besteak-beste

HAUSNARKETA:
Gaixo dauden presoak eta askatasunaren ukatzea
Oihana Lizaso
Etxerat-Euskal Preso Politikoen Senideen Elkartea

Alderdi Politikoen Legea. Ondorioak:
Pernando Barrena Batasunako bozeramailea eta Patxi Urrutia Mahai Nazionaleko kidea, atxiloturik
Otsailaren 4an Polizia Nazionalak Pernando Barrena Batasunako bozeramailea eta alderdi honetako zuzendaritzako kide den Patxi Urrutia atxilotzen zituen. Atxiloketa Baltasar Garzon Epaileak agindu zuen, 2002. urtetik alderdi politikoaren aurka zabalik dituen izapideei beste bat gehituz.

EHAK-PCTV eta EAE-ANV alderdien ihardueren etetea
Alderdi independentista bi hauek aspaldi daude prozedura ezberdin bitan murgildurik: lehenengoa, Entzutegi Nazionala “talde armatuko kide” diren ala ez argitzeko burutzen ari den ikerketa penalei dagokiena; bigarrena, berriz, bide administratiboan kokatzen da, Alderdien Legea aplikatuz Auzitegi Gorenaren aurrean. Bi bideon bategitea bidezkotuko lukeen beste inguruabar garrantzitsu bat ere badago: espainiar alderdi nagusiek ez dute euskal independentismoak Espainiako Kongresu eta Senaturako talde elektoral bat aurkezterik nahi

EAE-ANVren etetearen ondorioak: basakeria poliziala eta bozeramaile politikoen atxilotzea
11/08 makrosumarioaren irekiera eta gero, non Baltasar Garzonek EAE, EHAK eta Batasunako kideen aurka hasitakoak bildu baititu, terrorismoaren aurkako magistratuaren erantzuna zera izan da: aipatu erakunde politikoen etetearen aurka protesta egiteko hautetsi independentistek deitutako manifestaldia debekatzea.

Eusko Legebiltzarreko aurreko Mahaia desobedientziaz akusatua
Espainiako Auzitegi Gorenak ezagutzera ematen zuen, urtarrilaren 20an, “Manos Limpias” sindikatu ultraeskuindarrak Eusko Legebiltzarreko Mahaikide ohien aurka tarteratutako eskaria onartzen zuen epaia .
:: Igor Portu eta Mattin Sarasola, torturatuak
Joan den urtarrilaren 6an Goardia Zibilak Igor Portu eta Mattin Sarasola Lesakarrak atxilotu zituen, ETA erakunde armatuko kideak izatearen akusazio pean. Terrorismoaren aurkako legeriaren aplikazioaren ondorioz, inkomunikazio peko erregimena ezarri zitzaien. Atxilotuak izan eta ordu batzuk beranduago beraien etxebizitzak miatzera eraman zituzten, Lesakara. Beraien senitartekoek oraindik ondo zeudela ikusi ahal izan zuten. Hamabi ordu eskas pasatu eta gero, Igor Portu Donostia Ospitalera eraman zuten, arnas hartzeko arazoak zituelako. Ospitalean “ezkerreko bederatzigarren saihetsaren haustura”, “ezkerreko pleurako isuria” eta “biriki-kontusio txikia” diagnostikatu zizkioten. Ospitalak txostena idatzi zuen, Igor Portuk “aurrekalde eta atzekaldeko toraxean hematomak” zituela agertuz, baita bizkarrezurrean ere, eta “ezkerreko begiak hematoma eta barne-isuria” zituela jasoz; honetaz gain, “arnasa hartzeko zailtasunak ditu” eta “lepoaldetik pelbisa aldera arte hedatzen den larruazalpeko enfisema garrantzitsua –birikien ehunean airea pilatzearen ondorioz sortutako handitzea- ere badauka“. Medikuen txosten honek islatu egiten du, era berean, “eriak aurpegian, toraxean, abdomenean eta hanketan ukabilkadak eta ostikadak jaso izana aipatzen” duela, eta belaun eta orkatilak egoera “egonkorrean” daudela, baina “hainbat hematoma, higadura eta urradurarekin”.

Txosten mediko hau publiko egin zen eta gazte lesakarrak bere etxeko miaketa eta Donostia Ospitaleko ZIUn sartu artean igarotako hamabi ordu horietan jasotako tratuaren inguruko alarma-hotsak eztandarazi zituen. Espainiako Barne Ministro Alfredo Pérez Rubalcabak zera aitortu zuen: “atxiloketa unean erabili behar izan zuten indarkeriaren” ondorio zela guztia. Gipuzkoako goardiako Epaitegiak kasua ikertzeari ekin dio.

Mattin Sarasolari dagokionean, atxilotua izan eta, oraindik orain, Goardia Zibilaren eskuetan inkomunikazio pean jarraitzen duen gaztea, kazetaritza-arloko iturriek, Madrilgo polizia-egoitzetara eraman zutenean egoera “eskandalagarrian” zegoela aipatzen zuten.

hasierara joan


:: Endika Iztueta euskal deportatua Cabo Verden hil da

Endika Iztueta Barandika euskal deportatua Cabo Verdeko Praia hirian hil zen urtarrilaren 24an. Antza denez, indarkeria bidezko lapurketa pairatu zuen, saihetsak hautsiz eta birikian zauri bat eraginez, horren ondorioz infekzio bat etorri zitzaiolarik, gerora heriotza ekarriko zion odol-kolapso bat sorraraziz. Iztueta 1985eko otsailean deportatu zuten Cabo Verdera, 22 urte eman dituelarik bere sorterritik milaka kilometrotara, inolako sostengu juridikorik ez duen egoeran.

80. hamarkadan, Argel-eko elkarrizketen zapuzketaren ostean, Frantziako Estatuak, Espainiakoak bultzaturik, Ipar Euskal Herrian modu publikoan bizi ziren euskal errefuxiatuen aurkako zanpaketari ekin zion; euskal herritarrok atxilotu eta, aldez aurretik itundutako modu sumarioan, beraien herrietatik urrun bidaliak izaten ziren, Cabo Verdera, Cubara, Venezuelara, Dominkar Errepublikara, Panamara... paperik gabe, lanik gabe, inolako prozedura judizialik gabe, eskubiderik gabe.

“El País” egunkariak argitaratu zuenez, hain zuzen, Entzutegi Nazionaleko Fiskalburuak gutxienez ehun euskal exiliatu nahiz deportaturen aurkako estradizio-eskakizunak bizkortzeko agindua eman ei zuen; horien artean Endika Iztueta zegoen. Berarekin, hiru dira jada Cabo Verden zendutako euskal deportatuak –Juanra Aranburu 1989an eta Angel Lete 2002an-.

hasierara joan

:: Amnistiaren Aldeko Batzordeen eta Askatasunaren aurkako epaiketarako data, zehazturik

Entzutegi Nazionaleko Penal Aretoko Laugarren Atalak auto bat eman zuen, zeinaren arabera amnistiaren alde eta errepresioaren aurka lanean diharduten Amnistiaren Aldeko Batzorde eta Askatasuna erakundeen aurkako epaiketa apirilaren 21ean hasiko baita. 27 euskal herritar daude bertan auzipeturik eta fiskalak 10 urteko espetxe-zigorra eskatzen du bakoitzarentzat.

Gauzak horrela, “Jarrai-Haika-Segi” auzia eta 18/98 sumarioa eta gero, oraingoan erakundeon aurkako txanda da, fiskaltzak “talde terroristako presoen kontrola” egozten dielarik.

Erakundeon aurkako lehen operazioa burutu zenetik, 2001eko urriaren 31n, beraien iharduera etenik dago eta auzipetuen arteko 12k lau urte eman zituzten prebentziozko atxiloketan (espainiar legeriak aurreikusitako gehienezko epea). Juan Mari Olano, oraindik-orain, Segoviako espetxean dago, 2007ko irailaren 9an Ertzantzak bortizki zapuztutako manifestaldi batean atxilotua izan eta Baltasar Garzon Epaileak “delitu-errepikapena” egotzi eta gero, Askatasuna erakundeko bozeramaile-lanetan jarraitu izanagatik.

hasierara joan

:: Europako Kontseilua Nazio Batuen eta Europar Batasunaren “zerrenda beltzen” aurka azaltzen da

2001. urtetik aurrera “nazioarteko terrorismoari” loturiko gizaki eta erakundeen zerrendak eratu zituzten Nazio Batuen eta Europar Batasunaren baitan, bertan hogeita hamar euskal herritar eta Batasuna, Haika-Segi, Amnistiaren Aldeko Batzordeak-Askatasuna, Xaki eta Ekin azaltzen zirelarik, besteak-beste.

Dyck Marty senatari suitzarrak Europako Kontseiluko Legebiltzarreko Osoko Bilkurari aurkeztutako ebazpenak “zehazgabetzat” jotzen ditu aipatu zerrendak egiteko erabilitako irizpideak, gizabanakoaren oinarrizko eskubideak errespetatzen ez dituela eta “erabat arbitrarioak” direla salatuz.

Martyk, bere txostenean, zerrendak dakartzan zehapenak “susmo soiletan besterik ez oinarrituz” aplika daitezkeela salatu zuen, eta hau “desegoki” suertatzen dela.

Izan ere, txostena aurkeztu aurretik Behatokiko kideekin bildu zen Marty, eta zera jakinarazi zitzaion: aipatu erakundeon iharduerak aztertzen zituen epaile baten autoa nahikoa izan zela zerrendetan barneratuak izateko. Segiren kasuan, zehazki, iharduera-etete erabakirik ere ez zegoen zerrendotan barneratua izan zenean, eta beste hainbesteren kasuan, ez da oraindik beraien iharduerei buruzko epaiketarik burutu ere egin. Zerrenda hauetan barneratua izateari aurre egin ahal izateko baliabide judizial eraginkorrik aurkitzeko ezintasunari dagokionez, berriz, Segi eta Amnistiaren Aldeko Batzordeen defentsarako abokatuek emandako urratsen berri eman zitzaion senatari suitzarrari. Urte hasieran helegitea tarteratu zen Europako Giza Eskubideen Auzitegiaren aurrean, medeaketa judiziala aurkitzeko ezintasunari men eginez, ez baitago, Europar Batasunean, zerrenda hauetan barneratua izatearen aurka egiteko prozedurarik.

Dyck Martyk aurkeztutako txostenak Europako Kontseiluko Legebiltzarreko Osoko Bilkuran parte hartu zuten parlamentari ia guztien aldeko boza jaso zuen, horien artean PSOE alderdiko kide diren Ramon Jauregui eta Miertxell Batet-enak. Behatokiak kontraesankortzat jo zuen azken bi parlamentarion jarrera, “PSOEk aspaldi erakutsi baitu euskal disidentziaren aurka mota guztietako tresnak erabiltzeko prest dagoela, baita Europar Batasunak diseinatutako ‘zerrenda beltzak’ ere”.

hasierara joan

:: Pernando Barrena Batasunako bozeramailea eta Patxi Urrutia Mahai Nazionaleko kidea, atxiloturik

Otsailaren 4an Polizia Nazionalak Pernando Barrena Batasunako bozeramailea eta alderdi honetako zuzendaritzako kide den Patxi Urrutia atxilotzen zituen.

Atxiloketa Baltasar Garzon Epaileak agindu zuen, 2002. urtetik alderdi politikoaren aurka zabalik dituen izapideei beste bat gehituz.Atxiloketa, aipatu bi politikariek egun bi lehenago Iruñeako hotel batean eskainitako hitzaldi publiko batean parte hartu ostean burutu zen; hitzaldia EAJ, PSE eta Batasunaren artean izandako azken elkarrizketen edukinei buruzkoa izan zen, huts egin berri duen elkarrizketa prozesuaren baitan kokatutakoak, “Loiolako prozesua” bezala ezagutzera eman den horri buruz, hain zuzen ere. Negoziaketa prozesuaren haustura eta gero, Batasunako kideen atxiloketa ugari eta etengabeak burutu dira, horien artean, Batasunako zuzendaritzako 22 kideren aurkako operazioa, Seguran bilera burutu behar zutenean.

Barrena eta Urrutia auzpieturik zeuden jada Batasuna sumarioan, eta orain, hitzaldi publiko batean parte hartu izanagatik soilik, edukin erabat politikoak zituena, Entzutegi Nazionaleko Epaileak “delitu errepikapena” egotzi eta beraien atxilotze eta espetxeratzea agindu du.


Estatuko Segurtasun Indarrek sekulako erakustaldia burutzen ari ziren Unai Fano aurkitzeko, hitzaldian parte hartu zuen Batasunako hirugarren kidea, egun leku ezezagunean dagoena.

hasierara joan

:: EHAK-PCTV eta EAE-ANV alderdien ihardueren etetea

Alderdi independentista bi hauek aspaldi daude prozedura ezberdin bitan murgildurik: lehenengoa, Entzutegi Nazionala “talde armatuko kide” diren ala ez argitzeko burutzen ari den ikerketa penalei dagokiena; bigarrena, berriz, bide administratiboan kokatzen da, Alderdien Legea aplikatuz Auzitegi Gorenaren aurrean. Bi bideon bategitea bidezkotuko lukeen beste inguruabar garrantzitsu bat ere badago: espainiar alderdi nagusiek ez dute euskal independentismoak Espainiako Kongresu eta Senaturako talde elektoral bat aurkezterik nahi.

EHAK.PCTV-ren kasuan, 2005ean ospatutako EAEko Legebiltzarrerako hauteskundeetan parte hartu zuen. Eta EAE-ANVk, 77 urte baino gehiagoko iharduera duen alderdi historikoa, 240 hautagai inguru aurkeztu zituen 2007ko maiatzeko udal-hauteskundeetara; erdia baino gehiago legez kanpo utzi zituen Auzitegi Gorenak, zerrendok poliziaren fitxategi sekretuekin alderatu eta “kutsatuta” zeudela ondorioztatu eta gero, aurreko deialdi elektoraletan parte hartutako pertsonak “infiltraturik” zeudela. Deigarriak dira erabilitako berbak, “kutsatuta” eta “infiltraturik”, eta oso larria da hautagai hauen gain eragindako diskriminazioa, are gehiago polizia iturriek 19.000 pertsonaz osatutako fitxategiak aipatu izan dituztenean.

Alderdion aurkako azken erasoa, Baltasar Garzon Entzutegi Nazionaleko Epaileak otsailaren 8an agindutako ihardueren etetea izan da, Batasunak alderdi hauen gaineko “kontrola hartu” duela argudiatuz. Epailearen erabakiak izaera erabat prebentiboa izango du, baina oso garrantzitsua da, etorkizuneko hauteskunde-deialdietan ere eragina izango baitu (2002. urtean Batasunaren aurkako izapide penalak ireki zirenetik ez da oraindik alderdiaren aurkako epaiketarik ospatu).

Izapide guzti hauek 11/08 makrosumarioan barne bilduak izan dira. Beraietaz baliatu dira alderdi bi hauek hauteskundeetara aurkeztea galarazteko, beraien egoitzak ixteko, kontu-korronteak blokeatzeko eta 38 alderdikideri “talde armatuko kide” izatea leporatu eta beste zazpiri “kolaborazioa” egozteko.

Magistratuaren interpretazioari jarraituz, alderdi bi hauek “ETAren atarian” daude, Batasunarekin lotzen dituzten hainbat pertsonarekin mota askotako harremanak eratu izanagatik. Etete-auto bietan jazotako iharduerei dagokienez, berriz, denetarik dago: Batasunako kideei komunikatu publikoen edukiari buruz galdetu izana, gatazka sozialaren gako direnen inguruan (AHT kasu) antzeko iritzia edukitzea... Eta beraz, ikusmira bateratzaile horren baitan, Epaileak, “ETA-Batasuna” deitzen duen horrek “PCTV-EHAK eta EAE-ANVren kontrola” hartu duela deritzo; Epailearen hitzetan, “kolonizazio” edo “fagozitazio” bat gertatuko zatekeen, eta adibide gisa, Batasunari lotutako pertsonek EHAK-PCTVrengandik soldata jaso izana aipatzen du. Zehaztu egiten du Epaileak agerikoa dela “EHAK-PCTVk, edonor kontrata dezakeela eta Batasunako kideen lan egiteko eskubideak hortxe dirauela”; arazoa, hala ere, “egiten duten lanean” ei datza, balizko lan kriminala izaki, epaileak zehaztu eta indibidualizatzen ez duena.

Garzonen izapide guzti hauek bat egin dute Auzitegi Gorenaren Areto Bereziak burututako 61. artikuluaren inguruko deliberazioekin, espainiar hauteskundeetarako EAE-ANVren hautagaien izen-emateek Alderdien Legearekin bat datozen ala ez argitzeko xedea dutenak. Auzitego Gorenak, bere ebazpenean, Garzonek zabaldutako bidearen kontra agertzen da, EHAK eta EAEren ihardueren etetea “neurr”gabekoa" dela esanez. Baina debekatu egiten du bi alderdiok datorren martxoaren 9ko hauteskundeetan parte hartzea, bai eta dirulaguntza ofizialak jasotzea ere. Autoan dioen bezala, Auzitegiaren erabakia hau izan da “2007ko maiatzeko[...] filtrazio batek, orduko hauteskundeetarako EAEren zerrendetan Batasunako kideak zeudela antzeman zelako”.

Labur bilduz, helburu bakarra duten bide bi agertzen zaizkigu. Ondorioa: milaka euskal herritarrek diskriminazioa pairatu eta ezin izango dute hautes-zerrendetan egon, zerrendok “kutsatu” egingo bailituzkete; iritzi askatasun eta botoa emateko eskubideak ere larriki urratuak suertatzen dira, euskal hauteslegoaren artean sostengu zabala duen aukera bat bertan egotea galarazi egiten da-eta.

Horrela, Estatuko Segurtasun Indarren ehundaka agentek EHAK, EAE eta Batasunako hamalau kide atxilotu dituzte, eta Garzonen aginduz hogeina miaketa ere burutu dituzte.

Atxilotuen artean daude Karmelo Landa, Mikel Etxaburu eta Karmele Aierbe, Bilbon greba orokorrera deitu zutenak atxiloketaren aurreko egunean, “errepresio judizial, politiko eta polizialari” aurre egiteko.

EHAK-ko kide diren Jesus Maria Agirre eta Sonia Jacinto ere atxilotu dituzte, joan den otsailaren 6an Magistratuak “Batasuna-ETA lagundu izana” eta “legez-kontrako asoziazioa” egotzi zielarik, EHAKko Lehendakari den Juan Carlos Ramos-i bezalaxe.

Gainontzeko atxilotuak Aitor Aranzabal, Eusebio Lasa, Peio Galvez, Mikel Garaiondo, Joseba Zinkunegi, Josetxo Ibazeta, Iñigo Balda eta Jose Manuel Jurado dira.

Era berean, espainiar poliziak Nuria Alzugarai atxilotu du, Kordoban preso politiko bat bisitatu eta gero, Askatasunak jakin ahal izan duenez.

EFE-k aipatutako iturri juridikoek diotenez, Garzonek “talde terrorista lagundu izana/integrazioa” eta “legez-kontrako asoziazioa” egozten die, eta EHAKren “dinamizatzaile” papera esleitzen die.

EITB-k atxilotuak Madrilera trasladatuak izaten ari diren berri eman du, Espainiako Poliziak galdeketa egin diezaien, eta asteazkenean Entzutegi Nazionaletik pasatuko direla aurreikusten da. Bitartean inkomunikazio erregimenaren pean egongo dira.

Miaketak eta egoitzen itxierak

Garzon Donostiara etorri da ezker abertzalearen inguruan burutzen ari den ikerketekin jarraitzeko, eta EAE eta EHAKren hainbat egoitza miatu ditu, Dolores Delgado eta Vicente Gonzalez Mota Fiskalak lagundurik.

Espainiako Polizia eta Botere Judizialaren ordezkaritzak lau ordu baino gehiago egon dira bi alderdion Barakaldoko, Belartzako eta Iruñeako egoitzak miatzen; azken hau prezintatua izan da.

hasierara joan


:: EAE-ANVren etetearen ondorioak: basakeria poliziala eta bozeramaile politikoen atxilotzea

11/08 makrosumarioaren irekiera eta gero, non Baltasar Garzonek EAE, EHAK eta Batasunako kideen aurka hasitakoak bildu baititu, terrorismoaren aurkako magistratuaren erantzuna zera izan da: aipatu erakunde politikoen etetearen aurka protesta egiteko hautetsi independentistek deitutako manifestaldia debekatzea. Debeku honek, Epaileak ezarritako alderdien etetearekin bat datorren arren, iharduera politikoari ateak ixten dizkio, gizartearen atal honen iharduera politikorako edozein eskubide eten egiten duelako “sine qua non”.

Epailea EAEko Poliziari zuzentzen zatzaio, manifestaldia ospatzea galaraz dezala eta “ordena publikoa hausten dutenen kontra ekitea” aginduz. Barne Sailak oharra kaleratu zuen, manifestaldia debekaturik zegoenaz informatuz. Hala eta guztiz ere, otsailaren 10ean, igandea, milaka hiritar bildu ziren Bilboko Autonomia kalean, berez zegokien manifestaziorako eskubidea egikarituz alderdi politikoen ilegalizazioa salatzeko. Ertzantzak manifestaldi baketsua ospatzea eragotzi zuen, hiritarrak, orduan, lurrean eseri zirelarik, aparteko neurrien kontrako eta eskubide politikoen aldeko leloak oihukatuz. Ondoko kaleetatik jarraitzeko saiakera egin eta poliziak kontzentratuen aurka ekin zion bortizki, istiluak, zaurituak eta atxiloketak eman zirelarik.

Gerora, gertatutakoak salatzeko prentsaurrekoa ospatzen zen eta euskal gizarteari “errepresio judizial, politiko eta poliziala” salatzeko deitutako greba orokorrean parte hartzeko gonbita luzatzen zitzaion. Gau horretan bertan, Estatuko Segurtasun Indarretako hainbat agentek EHAK, EAE eta Batasunako hamalau kide atxilotu zituzten, horien artean Karmelo Landa, Mikel Etxaburu eta Karmele Aierbe, aurreko eguneko prentsaurrekoan parte hartu zutenak. Garzonek inkomunikazioa ezarri zien eta “talde terroristaren kide izatea/kolaborazioa” egozten die. Aldi berean, EAE eta EHAKren hainbat egoitza miatu ditu Belartzan (Donostia), Oiartzunen, Barakaldon eta Iruñean; azken bi hauek prezintatuak izan dira.

hasierara joan

:: Eusko Legebiltzarreko aurreko Mahaia desobedientziaz akusatua

Aipatu izan dugu lehenago ere zein den zentzugabea Alderdien Legearen aplikazio mugagabea eta elkarrizketaren eta iharduera politikoaren kriminalizazioa

Espainiako Auzitegi Gorenak ezagutzera ematen zuen, urtarrilaren 20an, “Manos Limpias” sindikatu ultraeskuindarrak Eusko Legebiltzarreko Mahaikide ohien -Juan Mari Atutxa, (Mahaiburua), Gorka Knörr (lehen Mahaiburuordea) eta Kontxi Bilbao (bigarren Mahaiburuordea)- aurka tarteratutako eskaria onartzen zuen epaia. Izan ere, Goi Mailako Auzitegiak EAJ, EA eta EBko hiru politikariok zigortu egin ditu, desobedientzia delitu batengatik, bere garaian Sozialista Abertzaleak (Batasunako hautetsiek Alderdien Legearen aplikazioaren ostean legez kanpo utziak izan ostean erabilitako izena, hain zuzen) talde parlamentarioa disolbatu ez izanagatik, Auzitegi Gorenak agindu bezala.

Mahaikideek zera argudiatu zuten: Autonomia Erkidegoko Legebiltzarreko barne-araudiak “ez duela halako aukerarik ahalbidetzen”. Honi jarraiki, talde parlamentarioari bere lana betetzen jarraitzen utzi zioten.

Auzitegi Gorenak, orain, “Manos Limpias”-ek tarteratutako helegiteari erreparatu egin dio, hiru Mahaikide ohioi bi urteko inhabilitazio zigorra eta, lehenengo urtean zehar, isun bat ordaintzeko agindua ezarriz. Alderdien Legea modu mugagabe eta logika bakoan aplikatzearen ondorioak dira hauek.

hasierara joan

:: HAUSNARKETA:
Gaixo dauden presoak eta askatasunaren ukatzea
Oihana Lizaso
Etxerat-Euskal Preso Politikoen Senideen Elkartea


Euskal preso politikoen kolektiboak pairatzen duen oinarrizko eskubideen murrizketa latzenetakoa, askatasuna eskuratzeko bide guztien itxiera da. 95ean burututako Kode Penalaren erreformak luditzeak baztertu egin zituen, bai eta zigorra lanen zein ikasketen bidez murrizteko aukera ere bai... Espainiako Auzitegi Gorenak, “Parot Doktrina” delakoaren bitartez, neurri hauei guztiei atzeraeraginkortasuna eman zien, luditzeak eta murrizketak pilatuak zituzten presoen gaineko eragina izan zezaten eta hauen askatasuna galaraziz. Ekainaren 30eko Zigorrak modu oso eta eraginkorrean betetzeko neurrien 7/2003 Lege Organikoak, gainera, espetxeraketako gehieneko epea hogeita hamar urtetatik berrogei urtetara igo zuen preso politikoentzat, zigorraren hiru laurdenak beterik izan arren kaleratzea ukatuz gainera. Xedapen guzti hauek aplikatu ezin eta presoaren kaleraketa berehala emango zen kasuetan, Iñaki de Juanarena, esaterako, egozketa berriak “fabrikatu” ziren, Justizia Ministroak bere garaian esan bezala.

Aspaldion, ordea, gaitz sendaezinak dituzten presoen egoera larriagotzen ari da, espainiar legeriak berak dioenez kalean beharko luketenak jada. Izan ere, Kode Penaleko 92. artikuluak ezarritako baldintzen arabera, gaitz larri eta sendaezinak dituzten 9 presok, gutxienez, kalean beharko lukete jada: Jon Agirre, Bautista Barandalla, Jose Ramon Foruria, Marilo Gorostiaga, Mikel Gil Cervera, Gotzone Lopez de Luzuriaga, Juan Jose Rego Vidal, Josu Uribetxebarria eta, azkenik, bereziki lazgarri suertatzen den Anjel Figueroa. Aipatutako hauengatik bereziki arduratuta dago Etxerat-Euskal Preso Politikoen Senideen Elkartea.

Figueroa, Kordobako espetxean beharko lukeen arren, Langraitzera bidalia izan da etengabe pairatzen dituen epilepsia eta esklerosi mesialaldiengatik. Bere gaitza sendaezina da eta hala diagnostikatu diote, eta gaixotasunaren eraginek berehalako kaleratzea eskatzen dute. Egoera halakoa izanik, bereziki larria da presoak Langraitzeko funtzionariengandik jasotako jipoiketa, Txagorritxuko ospitalean terapia jarraitzeko Arabako espetxe honetara eramana izan eta gero. Joan den urtarrilean krisiak etengabeak izan ziren eta aipatu ospitalean jarraitzen du, auzitegiek, bitartean, ez dutelarik bere kaleratzea onartzen.

Aurreko buletinean Gotzone Lopez de Luzuriagaren egoeraz mintzo ginen, antzeko egoera larrian dagoena eta, 92. artikuluaren aplikazioa behin eta berriro eskatu izanagatik ere, auzitegiak behin eta berriro ukatu egin duena prozedurari ez dagozkien argudio erabat subjektibo eta extrajudizialak erabiliz, presoak “damurik edota biktimei barkamena eskatzeko asmorik agertu ez duela”, adibidez.

Egoera larrian daudenen zerrenda luzea da, eta bizi dituzten aparteko baldintzak, mozorrotutako heriotza-zigorraren bizkarrezurra besterik ez dira.

hasierara joan