:: Hasi egin da AAB-Askatasunaren
aurkako epaiketa
Erakunde politiko eta sozialen aurkako joerari
jarraituz, Jarrai-Haika-Segi gazte erakundeen auzipetzea eta 18/98
sumario ezaguna eta gero, apirilaren 21ean Amnistiaren aldeko mugimenduan
diharduten euskal herritarren aurkako ahozko epaiketaren lehen sesioa
ospatu zen, erakunde armatuko kide izatearen akusazio pean. Bata
bestearen atzetik, Estatuaren errepresioa salatu eta biolentzia
horren biktimenganako elkartasuna jorratzen duen erakundeko 27 kidek,
beraien jardueraren zioak azaldu zituzten, bai eta berau ze esparrutan
burutzen den ere: prentsaurrekoak, mobilizazio baketsuak, sakabanaketa
politikak presoei eta hauen senitartekoei eragindako gastuei aurre
egiteko diru-bilketak, bestelako eragile politiko eta sozialekin
batera eginiko elkarlana, euskal herritarrei arreta judiziala ematea...
Auzipetuok, honenbestean, preso politikoen sakabanaketa eta honek
beraien senitartekoengan duen eragina, espetxeetako bizi-baldintza
ankerrak, tortura, Euskal Herriak bizi duen militarizazioa, gerra
zikina, poliziaren biolentzia, eta abar salatzeko parte hartu izandako
dinamikei buruz hitz egin zuten.
Auzipetuok, gainera, mugimendu horretan parte hartzera bultzatu
zituzten motibazio pertsonalak ere azaldu zituzten: errepresioa
norberarengan pairatu izana, senitarteko errepresaliaturen bat edukitzea,
aparteko larritasuna izan duten ekintza errepresiboek eragindako
kontzientziazioa...
Ostean, banan-banan, eta antzeko prozesuetan gertatu bezalaxe, “epaia
jada idatzirik dagoen ustea azaleratu zuten, “epaiketa aurretiaz
erabakitako zigor baten antzezpen soila besterik ez” dela,
edota “iruzur bat, besterik gabe. Honengatik guztiarengatik,
eta lehenagoko epaiketak nolakoak izan diren ikusirik, behar bezalako
prozesua burutzeko berme judizialen falta antzemanez berriro ere,
auzipetuek defentsa juridikoa egikaritzeari uko egin zioten. Auzipetu
guztiek sinatu eta komunikabideei luzatutako testu batean, zera
agertzen zuten: ez daudela prest “dagozkigun eskubide zibil
eta politikoen defentsa egiten, eskubide horiek ez direlako ez negoziagarriak
ez fiskalizagarriak. Ez diogu salbuespeneko auzitegi honi halakorik
egiteko legitimotasunik aurrezagutzen”.
Defentsako abokatuek, era berean, proposatutako 250 lekukoen agerpena
ukatu egingo zutela jakinarazi zioten epaimahaiari; Estatuko biolentziaren
biktimak eta hauen senitartekoak diren 12 besterik deituko ez zituztela.
Deklarazioak eta gero, Teresa Palacios epaimahaiburua mintzatu zen,
epaiketaren izaera politiko eta epaimahaiaren partzialtasunari buruzko
salaketei erantzuteko asmoz: “ez da Entzutegi Nazionala orain
auzipetzen ari garena. Ez ditugu pentsaerak epaitzen, delituzko
jarduerak baizik”. Jarraiango egunetan, ordea, eta akusazioak
aurkeztutako lekukoen bidez, delituzko jarduerarik egon ez dela
frogatzen da, akusazio konkretu eta tasaturik ez dagoela ikusten
da, auzipetuei banakako modu batean egotz dakiekeen jarduera deliktiborik
ez da ageri.
Dena da zehaztugabea, dena dago lauso. Terrorismo
delituaren interpretazio hedakor eta gehiegizkoaren aurrean gaude
berriro ere, Auzitegi honek ohiko duen bezala.
hasierara joan
:: EAD/AED-k Entzutegi Nazionalaren indargabetzea
galdatzen du
EEAD-Europako Abokatu Demokraten
elkartearen idazkaritzak, joan den apirilaren 19an ospatutako bileran,
deklarazio bat burutu zuten, Espainiako Entzutegi Nazionalaren iharduerak
eragiten zien ardura adieraziz, honen azken urteotako ibilbidea
ikusirik eta, bereziki, Amnistiaren Aldeko Mugimenduaren epaiketaren
testuinguruan.
Horrela, Gilberto Pagani elkarteburuak, Bizkaiko Abokatuen Bazkundean
ospatutako agerraldi publikoan eta Eskubideak euskal abokatuen elkarteko
hogeita hamarna kidez lagundurik, Entzutegi Nazionalaren jarduera
salatu zuen. Italiar juristak azpimarratu zuenez, EAD-k “sarritan
adierazi izan du Entzutegi Nazionalean burututako prozedurei buruzko
ardura, 18/98 sumarioaren kasuan, besteak beste, Zuzenbidearen Printzipio
Orokorrak zein atxilotu eta auzipetuaren oinarrizko berme eta eskubideak
edukinik gabe uzten dituzten aparteko legeria batzuen aplikazioa”
dela-eta.
Europar abokatuen elkarteak gogora ekartzen du Amnistiaren Aurkako
Mugimenduko epaiketan auzipetutako 27 lagunen artean Julen Arzuaga
abokatua dagoela, eta sumarioaren instrukzioan emandako “defentsarako
eskubidea eta sekretu profesionalaren bortxaketa” salatzen
ditu. Zentzu honetan, legez kontrako iharduera batzuk zerrendatu
zituen, hala-nola: “sekretu profesionalari eta bezeroenganako
komunikazioen konfidentzialtasunari zor zaizkien bermeak bete gabe
burutu diren abokatuen despatxoen miaketak, prozesuaren bidegabeko
luzapena, zuhurtziazko neurrien gehiegikeria (prebentziozko espetxeratzea
lau urte arte luzatzea eta “elkarteon ihardueraren etete judiziala”,
Amnistiaren Aldeko Batzorde eta Askatasunari men eginez)”.
Egoera honen aurrean, “Entzutegi Nazionala bezalako aparteko
auzitegien indargabetzea” galdatu zuen.
EAD-Europako Abokatu Demokraten elkarteak,
giza-eskubideen bortxaketen salaketa publiko eta espetxeratutako
pertsonenganako alkartasunaren alorrean diharduten Amnistiaren
Aldeko Batzordeak eta Askatasuna erakundeen aurkako 33/01 sumarioaren
ahozko epaiketari hasiera eman zaion berri izan du. Prozedura
honetan 27 auzipetu dago, horien artean Julen Arzuaga abokatua,
gure elkartean Eskubideak-en ordezkari dena.
EAD-k, azken urteotan, sarritan agertu izan du Entzutegi Nazionalean
burutzen diren prozedurek eragiten dioten kezka, horien artean
18/98 sumarioa, non aparteko zenbait legeriaren aplikazioaren
ondorioz, Zuzenbidearen Printzipio Orokorrak eta atxilotu zein
auzipetuaren oinarrizko berme eta eskubideak eduki gabe geratzen
baitira.
Tipo terroristen interpretazio hedagarriak eta aparteko legeria
honen aplikazioak, oinarrizko eskubideen bortxaketa dakarte, defentsarako
eskubidea eta errugabetasun presuntzioarena, esaterako.
Testuinguru honetan, gure kezka azaldu behar dugu sumarioaren
instrukzioa nola burutu den ikusi eta gero. Adibidez: sekretu
profesionalari eta bezeroenganako komunikazioen konfidentzialtasunari
zor zaizkien bermeak bete gabe burutu diren abokatuen despatxoen
miaketak, prozesuaren bidegabeko luzapena eta zuhurtziazko neurrien
gehiegikeria, prebentziozko espetxeratzea lau urte arte luzatzea
eta elkarteon ihardueraren etete judiziala kasu. Honengatik guztiarengatik,
zera adierazi nahi dugu:
- Defentsarako eskubidea eta sekretu profesionalerako eskubidearen
bortxaketa salatu nahi ditugu.
- Entzutegi Nazionala bezalako aparteko auzitegien indargabetzea
galdatzen dugu.
- Terrorismo kontzeptuaren hedapen arbitrario eta onartezina gaitzesten
dugu, adierazpen askatasuna eta jarduera politiko sozial eta askearen
babes pean burututako iharduera publiko eta demokratikoak ere
bere baitan sartzera ailegatu dena.
EAD-k gertutik egingo du 33/01 prozesuaren
jarraipena eta, beharrezko bada, dagozkien berme judizialen eta
defentsarako eskubidearen balizko bortxaketak salatu eta publiko
egingo ditu.
Europako Abokatu Demokraten elkartea
Amsterdam, 2008ko apirilaren 19
hasierara
joan
:: Biziarteko zigorra: espainiar Poliziak
Fernando Etxegarai berriro atxilotzen du
Fernando Etxegarai plentziarra 1987an
izan zen atxilotua eta urte honen hasieran askatasuna berreskuratu
zuen, espetxean 21 urte eman eta gero. Urtarrilaren 4an, Etxegarairen
bikotekoak Habeas Corpus-aren premiazko aplikazioa eskatu zuen
eta bere abokatuek libre utz zezatela galdatu zioten Entzutegi
Nazionalari, zigorra beterik edukitzeagatik. Egun horretan bertan,
Entzutegi Nazionaleko Penal Aretoko Lehen Sekzioak autoa ematen
zuen Etxegarairen “askatasuna adostuz, ezarritako zigorra
bete izanagatik”.
Hilabete bi beranduago, Areto berak beste epai
bat eman zuen Etxegarairen “atxiloketa eta espetxeratzea”
aginduz, aurreko epaian jasotako irizpideak zuzenduz eta zigorraren
ahalik eta zati gehiena bete behar dela ezarriz, hots, 25 urtetako
espetxea. Honen bitartez, Etxegaraik ikasketa, taller, portaera
ona eta abarrengatik pilatutako luditzeen aplikazioa ukatu egiten
zioten, bera epaitua izan zeneko 1995eko Kode Penalean aitortutakoak.
Pilatutako luditzeen balioa ukatzen duen interpretazioa da, hain
zuzen ere, “Parot Doktrina” bezala ezagutzen duguna:
1995. urtea baino lehen zigortuak izan ziren presoei, orduko legeria
aplikatuz, dagozkien luditzeen balioa atzeraeraginkortasunez ukatzea.
Irizpide-aldaketa oinarritzeko, presoaren askatasuna
adostu zuten epaileak “oporretarako txanda-auzitegia”
osatzen zutenak izan zirela esan zuten. Zio honek ez dauka inolako
balio prozesalik, logika zentzugabe horren arabera ordezkoek oporraldietan
hartutako erabaki bat ere ez litzatekeelako “irmoa”
izango. Gertatutakoa, erabaki irmo bat “extra iuris”
zuzentzeko ahalegina besterik ez da, helegiteko epeak agortuta
egonik eta, euskal preso baten aldekoa izanagatik, Estatua onartzeko
prest ez dagoen erabaki irmo bat aldatzeko ahalegina, hain zuzen
ere.
Etxegarairen kasuak ez dauka aurrekaririk:
“Parot Doktrina” hogeita hamarna presori aplikatu
egin bazaie ere, aske geratzea ukatuz, lehen aldia da Entzutegi
Nazionalak aske dagoen pertsona bati zigorra bere osotasunean
betetzea agintzen diona, behin zigorra beterik zuela aitortu eta
gero.
Entzutegi Nazionalak atxilotzeko agindua
eman eta gero, maiatzaren 6an Polizia Nazionalak Etxegarai atxilotu
zuen Plentziako bere etxean, zigorraren beste 4 urte bete zitzan,
guztira 25 bete arte. Elkarrizketa publikoan, Etxegaraik berriro
ere espetxera sartzearen “beldur” zela adierazi zuen,
eta ez zekiela ia beste 4 urtez preso egoteko gai izango zen.
“Heriotz zigorra aplikatu nahi digute”, amaitzen zuen.
hasierara
joan
:: Alderdi politikoen legearen ondorioak::
Zentsura-mozioaren porrota eta gero, Garzon-ek Arrasateko Alkatesa
espetxeratzen du
Burrunba politikoa dago Arrasateko
Udaletxean ETA-k, hauteskunde kanpainiaren erdian, Isaias Carrasko
PSOE-ko kidearen aurka atentatua burutu zuenetik. Aste batzuk
beranduago, PSOE-k eta EAJ-k mozioa aurkezten zuten, Ino Galparsoro
EAE-ren Alkatesaren dimisioa galdatuz; dimititu ezean beste zentsura-mozio
bat aurkeztuko zuten Udaletxea beste indar politiko baten esku
–PSOE- gera zedin, hauteslegoak bere botoekin adierazitakoari
muzin eginez. Lehen mozioak, alabaina, ez zuen aurrera egin EAE,
EB-Zutik eta Aralarreko zinegotzien kontrako botoengatik: hauteskundeen
emaitzak aldatzea ez zitzaien egokia iruditu, eta honek ekaitza
politikoa eztandarazi zuen Espainiako Estatuan. EAE-ren aurkako
mozioak Arrasaten porrot egin eta sei egun beranduago, salbuespeneko
auzitegiko Baltasar Garzon Epaileak Alkatesa bertatik kentzeko
lanari gogor ekin zion, zuzenean espetxera bidaliz; Fiskaltzaren
bultzadarekin eta “talde terrorista lagundu izana”
eta “EAE-ren ihardueren etetearen urraketa” egotziz,
Garzon-ek herriaren borondatea ordezkatzen du, legea aldrebestuz.
Ino Galparsororen abokatu den Iñigo
Iruin haserre agertu zen erabaki honen aurrean, eta halako erabaki
batek “EAE-ren hautetsiei bide penala irekitzen” diela
adierazi zuen. Akusazioa burutzen ari zirenean erakutsitako inprobisazioaz
gain (Arrasateko Alkatesa jada espetxean zegoela egin zituzten
miaketa eta ikuskapenak), abokatuak zera salatu zuen: Garzon-ek
berak, EAE-ren ihardueren etetea ezartzen zuen otsailaren 8ko
autoan, hala ziharduten hautetsien iharduerak ezin zitzaizkiela
etendako alderdiari egotzi zioela. Orain, ordea, iritziz aldatu
egiten du: Alkatesaren espetxeratzea oinarritzeko “Alkatesaren
banakako iharduerak eta EAE-ren ordezkari bezala burututakoak”
ezberdintzen ditu eta “etenda dagoen alderdi baten ordezkari
bezala ezin ihardun” dezakeela berresten du, Alkatesaren
“borondate menderagaitza” aipatuz.
Ino Galparsoro Arrasateko Alkatesa Soto
del Realen dago, bere sorterritik 400 km-tara. Arrasatek bere
osotasunean greba orokorra egin eta herriaren protesta espetxeko
harresietaraino eraman zuten, herria zigorrarekin bat ez datorrela
adieraziz.
hasierara
joan
:: Ertzantzak EAE eta EHAKren ilegalizazioaren
aurkako manifestaldi baketsua galarazi egiten du
Otsailaren 8an, Baltasar Garzon
Entzutegi Nazionaleko Epaileak EAE eta EHAKren ihardueraren etetea
agindu zuen, Batasunak alderdion “kontrola hartu”
zuela argudiatuz eta martxoaren 9an ospatu beharreko hauteskundeetan
parte har zezatela debekatzeko asmo nabariarekin. Halako gehiegikeriaren
aurrean, hautetsi independentistek manifestaldira deitu zuten,
“Euskal Herriaren eskubideen alde, salbuespen-egoerari stop”
lelo pean Bilbon ospatu beharrekoa.
Garzon Epaileak autoa eman zuen aurreko egunean deialdia baliogabetuz,
“EHAK eta EAEren deialdi bateratua” zelakoan eta hauen
iharduera etenda baitzegoen.
Debekuaren gainetik, ordea, deialdia
egin zuten hautetsi independentistek, norbanako moduan eta norberak
bere eskubide politikoak egikarituz, manifestaldia mantentzea erabakitzen
zuten.
Horrela, Eusko Jaurlaritzako Barne Sailak
berehala bete zuen salbuespeneko Entzutegiak emandako debeku agindua,
itzelezko polizia-lerroa ezarriz eta manifestaldi baketsurako eskubidea
erabat murriztuaz. Ertzantzaren istiluen aurkako brigadak hainbat
karga bortitz egin zituen manifestarien aurka; hainbat zauritu egon
ziren, Bilboko erietxeetara eraman zituztenak.
hasierara
joan
:: Entzutegi Nazionalak EAEren egoitza bat ixten du
Espainiako Polizia Nazionalaren agenteek Portugaleteko EAEren
egoitza miatu eta itxi egin zuten joan den maiatzaren 5ean. Hiru
ordutako miaketa eta gero, agenteek EAEren bandera kendu eta materialez
betetako bost kutxa eraman zituzten, artean “presoei buruzko
propaganda, panfleto politikoak, taberna pintatzeko erabilitako
pintura boteak, EAEren paper zaharrak eta AHTri buruzko iragandako
hitzaldi baten kartel zahar bat ere bai”, egoitzako arduradunak
komunikabideei adierazi bezala.
hasierara joan
:: Torturaren itzala: hamar gazte atxiloturik
Gipuzkoan
Espainiako Poliziak Oarsoaldeako
hamar gazte atxilotu zituen joan den ostiralean, maiatzaren 18,
legeria antiterroristaren aplikazioan jasotako “kale borroka”
burutu izanaren akusazio pean.
20 urteko Josu Arruabarrena gazteak
sabeleko mina izan zuen hasiera-hasieratik eta, ondorioz, Donostia
Ospitalera eraman zuten, bertan gastroenteritis akutua diagnostikatu
ziotelarik. Tratamenduan jarri eta dieta berezia zein mediku-ikuskapena
errezetatu zizkioten eta, jarraian, ziegara eramana izan zen berriro
ere.
Gainontzekoen izen-abizenak gerora
konfirmatuak izan ziren. Espainiako Poliziak beraien etxebizitzak
miatu zituen, ezer berezirik aurkitu ez zutelarik ohiko ditugunetaz
aparte: ordenagailuak, agendak, pegatinak, kartelak, DVD-ak...
Grande-Marlaska Epailea ibili
zen operazioa zuzentzen. Gazteon abokatuek, inkomunikazioaldian
torturak ekiditeko protokoloaren aplikazioa galdatu zioten, hots,
galdaketak bideoz grabatuak izan zitezela, atxilotuaren konfiantzazko
medikuaren partehartzea eta familiari atxilotuaren kokapen eta egoerari
buruzko informazioa ematea. Entzutegi Nazionaleko Magistratuak,
ordea, sistema hau abian jartzea ukatu egin zuen.
Horrela, bada, bost eguneko inkomunikazioaldia
eta gero, gazteak Epailearen aurrera eramanak izan ziren eta honek,
gazteotako bost espetxeratuak izan zitezela agindu zuen. Aitor Alberdik,
Madrilgo Valdemorora eraman zutena, zera jakinarazi zien bere senitartekoei:
jasandako etengabeko tortura psikologikoen ondorioz eta Poliziak
esandako moduan deklaratzera behartua izan ostean, haginkadaka bere
eskumuturreko zainak mozten saiatu zen Entzutegi Nazionaleko ziegetan.
Senideen arabera, gazteak “porrot egin zuen” aipatu
tortura psikologikoen eraginez eta neskalaguna atxilotuko zuten
mehatxuaren berri izan ostean, kalabozoetako klaustrofobiarekin
batera. Alberdi ospitaleratu eta ebakuntza egin behar izan zioten
bere buruari eragindako lesioak sendatzeko.
Oarsoaldean atxilotutako gazte
guztiek poliziaren egoitzetan tratu txarrak jasan izana salatu zuten.
Aske geratu ziren bostek salatu zituzten, komunikabideen aurrean,
pairatutako “mehatxuak, oihuak, kolpeak, umiliazioak”.
Haizea Iriarte gazteak “gurekin nahi izan dutena egin”
dutela esan zuen, “imajina ere ezin genezakeen bezala tratatuak
izan gara, inorrentzat nahi ez duguna bizi izan dugu”.
Aiert Larrarte TAT-Torturaren
Aurkako Taldea-ren abokatuak, torturengatiko salaketaren ardura
duen Donostiako Epaileak “gazteei deklarazioa hartu ere”
ez zuela nahi izan salatu zuen. Era berean, gazteek, unean bertan
auzi-mediku batek aztertuak izateko eskaria ere ukatu egin zuen.
Honen ondorioz ezinezko bilakatzen da, oraingoz, Alex Etxeberria
gazteak buruan dituen kolpe-marken jatorria zein den ezartzea; edota
Gorka Etxeberria gazteak inkomunikazioaldian 9 kilo galdu izanaren
zergatia.
hasierara joan
:: IRITZIA:
Justiziaren ziztrinkeriak.
Julen Arzuaga, Euskal Herriko Giza
Eskubideen Behatokia
Diotenez, prozesu penalaren zereginaren
oinarrian dago gizartearen seme-alaba kuttunen birgaitze eta berreskuraketa.
Baina printzipio hau desagertu egiten denean –auzipetuek,
izan ere, ez baitziotelako inoiz gizartearen parte izateari utzi,
edota berez deliturik ez dagoelako eta gizartea kaltetu ez dutelako,
beraien eskubideak egikaritza soila burutu baizik-, auzitegia, beraren
menpe dagoen hiritarra “etsai” bezala tratatzen ari
da. Desagertu egiten dira bermeak, Zuzenbidearen Printzipioak eta
Zuzenbidea erregulatzen duten arauak ere bai. Honek guztiak eragina
dauka prozesu judizialean eta, justizia bilatu baino, mendeku politikoaren
helburuarekin funtzionatzen duen erakundearen ondorioak aplikatzen
zaizkio auzipetuari.
Akusatuak, “etsaiak”,
bere hautua egin behar du, egoera honen aurrean bere jarrera agerrarazteko
erantzukizuna du. Arauak onartuz gero, prozesua burutu egingo da,
akusatu eta epailearen arteko elkarrizketa eratuko da: akusatuak
azalpenak emango dizkio errespetatu beharreko balioak ezarriko dituen
epaileari. Akusatuak arauak onartu ezean, berriz, aparatu judiziala
desegin egingo da, epailearen balioak eta bere sistema kolokan jarriak
izango dira eta, honenbestean, haustura etorriko da: rol-ak aldatuko
dira eta, orain, Estatua izango da Justiziari, letra nagusiz, azalpenak
eman behar izango dizkiona.
Hau da Espainiako Estatuak beraien
iharduera politiko, sozial edota kulturalarengatik prozesuotan auzipetutako
euskal herritarrei ezartzen dien salbuespeneko justizia. Arreta
handiz jarraitu ditugu Jarrai-Haika-Segi eta aski ezaguna den 18/98
prozesuen nondik-norakoak, defentsak burututako lan miresgarria
ikusiz, urriak eta auzitegiak urratutako lan-tresnak erabiliz auzipetuen
eta beraien iharduera publiko eta gardenaren defentsa ezin hobea
burutu dutelarik. 18/98 auziko epaiak, hala ere, defentsak zuzendutako
ehundaka gai eta arazoetako batean ere ez zion arrazoirik ezagutzen:
defentsak aurkeztutako testigantzak, frogak, txostenak... kolpean
ezereztuak denak.
Halakoak ikusirik, giza-eskubideen
alorrean diharduten talde ugariren erantzuna etorri da, baita juristena
eta bertako nahiz nazioarteko erakundeena ere, Entzutegi Nazionalaren
erabateko independentzia-eza salatu eta bere itxiera galdatu dute,
egikaritzen duen salbuespeneko legeriaren indargabetzearekin batera.
Ikusi ahal izan dugu ere bai, eta ezin ahaz dezakegu, akusatuen
jarrera zein izan den, beraien jarduera politiko eta soziala defendatuz,
auzitegiaren independentzia-eza, partzialtasuna eta gehiegikeriak
salatuz eta, batez ere, itzelezko osotasun eta duintasun lezioa
emanez, hemendik biziki azpimarratu nahi dudana. Guzti hau euskal
gizartearen memorian grabaturik geratu da.
Aurrekariak hauek izanik, AAB-Askatasuna
kasuko auzipetuok urrats bat gehiago eman nahi izan genuen gure
jardueraren auzipetzearen aurrean, errepresioaren salaketa, berau
pairatzen dutenenganako elkartasuna eta euskal gatazkaren konponketarako
tresnak jartzea etengabe eskatzen dituen jarduera izaki. Gure koherentziatik
abiatuz, eta auzitegi honen izaera anti-demokratikoa salatzearren,
prozesuan zehar edozein motatako defentsa egikaritzeari uko egiten
diogu.
Desobedientzia proposatzen dugu,
edukien haustura, auzitegiak berezko dituen balioen suntsiketa.
Forma juridikoekiko gure oposaketa pasibo eta eduki politikoekiko
jarrera aktiboaren bitartez, errepresioaren salaketa barik, delitua
errepresioa bera dela islatu nahi izan genuen.
Eta beraz, zigortu bai,
baina ezin epaituko gaituen horren aurreko gure jarrera ez da ordena
zaharkitum justizia ziztrin baten aurkako kritika soila. Eskenatoki
politiko berri baten aldarri ozena ere bada, etorkizunari begira
esperantzaz, indarrez, aldaketa bat egon behar duela iragarriz.
Demokraziaren berrezarketa, norbanakoaren eta kolektiboaren oinarrizko
eskubideen aintzatespena eta milaka euskal errepresaliatuen aintzatespena
eta medeaketa dakartzan aldaketa.
hasierara joan
|